Garaipena eta golak Errealaren aurka (4-1)
James, Ramos eta Benzemaren bi golei esker markagailuari buelta ematea lortu zuten madrildarren Errealaren aurkako partiduan. Ancelottiren hasierako hamaikakoan izan zen Asier Illarramendi eta lan bikaina egin zuen hazten ikusi zion taldearen aurka 90 minutuak jokatuz. 12,43km egin zituen partiduan zehar denboraldi honetako marka berria ezarriz. Bigarrenak (12,11 Almeria) eta hirugarrenak (11,87) ere bere izena daramate.
Real Madrilek sailkapenaren buruan jarraitzen du beste behin ere partiduari buelta eman eta gero. Kanpoko taldearentzat ezin hobeto hasi zen partidua, 1. minuturako aurretik jarri baitziren. Pardok ateratako kornerra sareetara bidaltzea lortu zuen Aritzek buruz. Errealari ez zion pozak askorik iraun eta 3. minutuan partidua berdintzea lortu zuen Jamesek, Marcelok ateratako erdiraketa errematatu ostean.
Hortik aurrera etxekoek hartu zuten partiduaren kontrola eta markagailuan aurretik jartzeko aukerak izan zituzten. 20. minutuan erantzun bikaina eman zion Rullik Benzemaren jaurtiketari eta hortik gutxira, Baleren burukadak gutxigatik ez zuen sare barruan bukatu.
37. minutuan iritsi zen etxekoen gola. Sergio Ramosek, Rulliren aldaratze bat aprobetxatu zuen markagailuan 2-1ekoa ezartzeko. Hurrengo jokaldian izan zuten hirugarrena egiteko aukera baina Balek ez zuen asmatu.
Bigarren zatiaren hasieran iritsi zen etxeko taldearen hirugarrena. Bale eta Benzemaren arteko jokaldia ezkerrez amaitu zuen frantziarrak taldeari lasaitasuna emanaz. 55. minutuan beste aukera bat izan zuten etxekoek baina ate azpitik ateratzea lortu zuen Iñigok.
76 minutuan, Santiago Bernabeura hurbildu ziren zaleak zutik jarri zituen Benzemak. Baloia berreskuratu eta Iscorekin jokatu ostean zekulako gola sartu zuen frantziarrak. Garaipen honekin sailkapenaren buruan jarraitzen du Real Madrilek.
- Partiduko fitxa:
4 - Real Madrid: Casillas; Carvajal, Varane, Sergio Ramos, Marcelo; Illarramendi, Kroos (Khedira, 81.min), Isco; James (Jesé, 74.min), Bale eta Benzema (Chicharito, 80.min).
1 - Real Sociedad: Rulli; Aritz (Bergara, 63.min), Mikel, Iñigo Martínez, Yuri; Elustondo, Rubén Pardo; Granero, Xabi Prieto, Canales (De la Bella, 46.min); eta Vela (Agirretxe, 17.min).
Golak: 0-1, 1.min: Aritz Elustondo. 1-1, 3.min: James. 2-1, 37.min: Ramos. 3-1, 52.min: Benzema. 4-1, 77.min: Benzema.
Epailea: Álvarez Izquierdo. Txartelak: Illarramendi (31.min), Marcelo (70.min) eta Khedira (87.min) Real Madrilen aldetik; eta Yuri (87.min) Errealaren aldetik.
