Illarramendi langileetan langileena
Asier Illarramendik azken hilabete hauek aprobetxatu behar ditu Real Madrilen geratu nahi badu. Mutrikuarrak ez du lortu Santiago Bernabeuko zaleen konfidantza, zalego zorrotzenetako bat baita. Gauza bat edo beste aurpegiratu liezaiokete zaleek, baina inoiz ez konpromisu eta esfortzu falta.
Ez da Kroos bezain ikusgarria eta ez dirudi Modricek beste lan egiten duenik baina estatistikak eskuan hartuta, bere taldean korrika gehien egiten duen jokalaria da Illarramendi.
Errealaren aurka 12,43km egin zituen 90 minutuan zehar, Real Madrileko jokalarien artean denboraldi honetako marka berria ezarriz.
Bigarren postuan ere mutrikuarra dago Almeriaren aurkako partidua jokatu ostean, 12,11km. Hirugarren postuan ere, Illarramendi, Celtaren aurka jokatutako partiduan, 11,87km. James eta Kroosek jarraitzen diote. Kolonbiarrak 11,63km egin zituen Athleticen aurka eta alemaniarrak berriz, 11,60km Rayoren aurka. Gauza bat argi geratu da, Asierrek hasieratik jokatutako partiduetan inork baino korrika gehiago egiten du.
Carlo Ancelottik ez du Illarramendirekin asko kontatzen baina Mutrikukoa taldearen talisman bilakatu da. Denboraldi honetan jokatu dituen 23 partiduak irabazi baitute.
Hasieratik jokatzen duenean ere "zortea" ematen du. Hasieratik irten den bederatzitik zortzi partidutan gol asko sartu baitituzte. Illarramendik hilabete batzuk ditu zaleak irabazteko eta kamiseta hau urte askoz eraman nahi duela erakusteko.
